XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

5.1.5.-Kontsentsua eta Gatazka: Biolentzia

Telebista-albistegien edukinean aipatzeko modukoa da konnotazio negatiboak dituzten IUKen presentzia.

Era honetara markatzen dira ordenu politiko-legalaren kontra zein gertaera, subjektu eta ekintzek sortzen dituzten gizartearentzako egoera kaltegarriak.

Ondorio txarrak dakartzaten gertaerak zeintzuk diren, eta norainokoa den sortzen duten egonezin soziala azpimarraturik ordenua, normaltasun instituzional eta sozialaren izaera ondoriozta daiteke.

Gatazkatsuak diren egoerak ezagutuz induzitu daiteke onerako bidean nondik nora joan beharko lukeen.

Aztertu ditugun albistegietan, bi dira biolentziaren erreferentzia esparru tematikoak: Golkoko gerra eta ETAren ingurukoak.

Kasu bietan, baina bereizki bigarrenean, ondorio txarrak zerrendatzen dira, aktualitate kontsideratu denaren arrazoi eta funtsezko zergatiak azaldu baino.

Gatazka inplizitoa duten egoeretan beti markatzen da dikotomia baztertzailea: guttiengo biolentoa eta, legitimitate osoa duen gehiengo demokratikoa, azken hau instituzioek errepresentatzen dutelarik.

ETAren biolentziaren bideak ez du arrazoi ezta zergatirik, gertaera puntualen deskribapenean zentratzen da IUKetako informazio testual zein ikonikoa.

Biolentzia moeta horrek emaitza txar eta kalte sozial nahiz pertsonalei buruzkoan izaten du informaziogaia.

Gatazka bizian dauden egoeren kontrapuntua markatuz, normaltasuna, akordioa eta oreka konnotatzen dituztenak alderatzen dira.

Akordioaren inplikazioak, neurri handi baten maila instituzionalak (gobernu zentral eta autonomikoaren arteko erlazioak, partehartze politikoak...) baina baita ere alderdi barrukoetan, bere ondorio sozialak egiten dira publiko.

Hau da, alderdien barruko oreka eta negoziatu beharra markatzen denean, gizarte osoarentzako ereduak eskeintzeko egiten da.

Akordioak onura besterik ekarriko ez duelakoan.

Esate baterako, maila desberdineko instituzio politiko-administratiboen arteko akordio ezak birsortu egin dezakela gizartearen baitako bipolarizazio eta haustura.

Arrisku horren aurrean, tele-albistegietan akordioa beti izaten da egokitzat markatzen den bidea.

Baina maila orokorrean bezala gizarte eta instituzio mailan esan gura dugu, bestelako apalagoetan ere, akordioaren onurak markatzen dira, konflikturaren ondorio txarrak azpimarratuz.

Mundu laboraleko IUK-k dira adibide egokiak, hiritar guztientzako kaltea suposa dezaketen greba eta protestaldiak ekiditeko patronala eta sindikatuen arteko negoziazioa eta akordioa proposatzeko orduan.

Oreka eta kontsentsua proposatuz, gizarte ereduak ere eskeintzen dira.

Jarrera biolentoen ondorio txarrak azpimarratuz, egungo ordenu politiko-legalaren baitan oreka eta akordioa ekarriko dituzten egoerak deduzitu daitezke.

Biolentziak eskeintzen duen desordenu eta ondorio kaltegarrien beste puntan, instituzioen inguruko dinamika normaldu eta konstantea.

5.1.6.-Genero sistema

Desoreka ikaragarria dago tele-albistegietan emakume eta gizonezkoek lortzen duten presentzia mailan.

Datu koantitatiboetan oinarrituz, aztertu ditugun kanaletako informazio-saioetan, zortzi aldiz gehiago ikustarazi eta, informazio testualean, hamar aldiz gehiago izaten dira aipatuak gizonezkoak emakumezkoak baino.

Agerpenean dagoen nagusitasun honek, maila koalitatiboan, bestelako osagarri batzuk ere baditu.

Erantzunkizun edota garrantzi sozialeko ekitaldietan emakume solteen presentzia oso eskasa da.

Halakoetan gizonezkoak dira nagusi.

Aldiz, kaleko irudiak, hau da, gizarte osoari buruzko irudi neutroak (betegarriak) erabiltzen direnean (datu estatistikoak edo hauteskundeetako emaitza edo prospekzioak ilustratzeko) emakumezkoaren presentzia handitu egiten da.

Bestelako kasuetan, emakumezkoen mundua maila pribatu eta etxekora mugatzen da.

Gainera, gizarte honetan emakumezkoek betetzen dituzten funtzioei buruzko IUK baten, gizonezkoek ez dutela etxeko lanetan laguntzen salatzen da.

Zeregin hori emakumezkoei dagokiela pentsatzera bultzatzen gaituen arrazonamendua proposatuz.